Obesitatea

Loditasuna gaixotasun kronikoa da, non pisua eta garaieraren araberako parametroa balore normaletik gora dagoen.
Halaber, loditasuna beste gaixotasun larri batzuen eragilea da: Diabetea, Loaren apnearen sindromea, Kardiopatia iskemikoa edo istripu zerebrobaskularrak. 

Arazo larria da mundu osoan, nolabait XXI. mendeko izurriteetako bat da. AEB herrialde kaltetuenen artean dago, eta Europar Batasunean 15 milioi pertsona inguruk dute loditasuna, osasun publikoko gastuen %7a gutxi gora-behera eskatzen duena.
Gantz ehun kopurua neurtzea zaila da, eta ikerketa baliabide konplexuak behar dira horretarako. Gizentasuna gehiegizko pisuagaitik definitzen da gehienetan, eta pisua sexua, adina eta gizakiaren neurriaren araberako arauen eredura zehazten da. Pertsona bat gizentasunak jota dagoela esaten da neurtutako pisua normaltzat hartzen dena baino % 20 gehiago denean. Jatorri hormonala duten gizentasunak (tiroide hormonak edo giltzurrun gainekoak) ohiz kanpokoak dira. Gorpuzkerazko gizentasunak, arruntenak, jatorri askotakoak izan daitezke: genetikoak, eta elikaduraren, faktore psikologikoen eta ingurumenari dagozkienen ondoriozkoak dira nagusiak.

Gizentasuna energia desoreka baten ondoriotzat hartzen da, zeinetan parte hartzen duten elikaduraren gorabeherak eta metabolismoari dagozkionak. Aipagarria da pima indiarren kasua: Estatu Batuetan bizi diren leinu horretako kideak gizenak dira, aldiz, Mexikon gelditu direnak, gorpuzkera normalekoak dira. Gizentasuna familiako arazoa da (gazte gizenen %50ek aita edo ama gizenak ditu). Elikadura ez da gehiegizkoa izaten beti gizenengan, aldiz, elikadura gabeziak antzematen dira askotan, esate baterako, zuntzetan aberatsak diren elikagai gutxi hartzea, gantz edo azukre gehiegitasuna. Energia gutxi gastatzeak ere larriagotu egiten du kaloria gehiegi hartu eta kaloria gutxiegi gastatzearen arteko desoreka.
Gizentasuna, gehienetan, haurtzarotik bertatik adierazten da; eskola garaian diren haurren %10 inguruk gehiegizko pisua du. Zenbait gizentasun mota beranduago sortzen dira, eta egoera psikiko bereziek eragindako elikadura arazoen (bulimia) ondorio izaten dira. Gizentasunak heriotza arriskuak ugaritzea dakar. Arteria hipertentsioaren, miokardia infartoaren, garuneko hodietako gorabeheren eragile nagusietako bat izaten da gizentasuna hain zuzen ere. Bestalde, askotan, azukreen eta gantzen metabolismoaren gorabeherak eragiten ditu. Horrez gainera, arazo mekanikoak (aldakako eta belaunetako artrosia ) eta arnasketari dagozkionak (arnas gutxiegitasuna, bronkitis kronikoa) sortzen ditu.